2008/12/02

Gorputzeko minak arintzeko trikimailuak ikasiko ditugu

Euskaltegian hasi gara Zilegi Eskolekin. Bertan, gustuko gaien inguruan euskaraz aritzeko aukera izaten dugu bai ikasleek, bai interesa duten herritarrek ere.
Gaurkoan Gorputzeko Minak Arintzeko Trikimailuen berri izango dugu, Amaia Aierzaren eskutik.
Gorputzeko minak arintzeko trukoak: postura egokiak, luzaketak, masajeak...
Hernanin: Abenduaren 2an, AEKn, 09:00etatik 11:00etara.
Astigarragan: Abenduaren 10ean, Astigarragako Kultur Etxean, 09:30etatik 11:00etara.
Informazio gehiago:
943 557 879 telefonoan edota honako helbide elektronikora idatzi: zilegieskola@aek.org.

2008/08/04

Hernaniko hiri debekatuaren mapa


Udaberrian, Hernaniko hiri debekatuaren mapa egin genuen Zilegi Eskolaren eskutik.

Kale, plaza, eta parkeen erabileraren inguruko datuak eta bertan izaten ditugun bizipenen ingurukoak jaso genituen. Bereziki emakumezkoen ikuspuntutik, baita beste hainbat herritarren ikuspuntutik ere: edadetuak, haurrak, mendekotasuna dutenak, zaintzaileak, gazteak, mugikortasun edo zailtasun sentsorialak dituztenak. Nor ez dago talde hauetakoren batean, edo nork ez du inguruan talde hauetakoren batean dagoenen bat?

Herria guztien begiekin begiratzen aritu ginen.

Bi lan ardatz izan genituen kontuan:

-Herriko ekipamenduaren eta mugikortasunaren azterketa.

-Kalean lasai ibili ahal izateko nahikoa segurtasun izatea.
Beraz, norberari egokiak iruditu zitzaizkion proposamenak landu ahal izan zituen.
Norbaitek kontuan hartuko ahal ditu!

2008/07/28

Sexualitatea

Sexualitate tailerrean parte hartu dugunok, Hirusta kolektiboari eskerrak eman nahi dizkiogu:
- Oso gustura egon gara azalpenak ulergarriak eta oso argiak izan direlako..
- Denbora oso azkar pasa zaigu.
- Lotsa kentzeko, egunero jolas batekin hasi dugu saioa eta gero sexualitatearen barruan gai desberdinei buruz hitz egin dugu. Kotte oso goxoa da eta berarekin hitz egitea oso erraza da.
- Haurrei sexualitateari buruz hitz egiteko guk dugun ikuspegi aztertu behar dugu eta honen arrazoia.
Elizaren eragina, bekatua, emakume eta gizonari egotzi izan zaizkion rolak, estereotipoak, aurreiritziak,... Gauzak pixkanaka aldatzen ari dira baina oso mantso. Erlijioaren eraginez oraindik sexualitatea tabu moduan bizi dugu eta gaiari buruz serio hitz egiteak lotsa ematen digu. Hau guztia (egiten duguna eta esaten duguna) zuzenean eta zeharka gure seme – alabei transmititzen diegu.
Bestalde, sexu harremanetan erabil daitezkeen jostailuak ere ezagutu ditugu..
Gure kezkak azaldu ditugu: haurrekin nola hitz egin, gaztetxoekin gaia nola atera,... baina ez dago formula magikorik! Baina norberaren nahia eta borondatea da garrantzitsuena!

- Gaiari buruzko zalantzarik izanez gero.... gurekin, Zilegi Eskolarekin, harremanetan jarri besterik ez duzu, edota Hirusta kolektiboarekin.

2008/07/14

Kontsumo arduratsua

Joan den hilabetean, ekainean, Uztaro Kooperatibako kide batek euren proiektuaren berri azaldu zigun, eta bertan parte hartzeko gonbidapena ere jaso genuen.
Zer da Uztaro kooperatiba?
Egungo ekoizpen sistema globalizatuaren alternatiba moduan jaio zen Uztaro Barazki Kooperatiba eta Gipuzkoako hainbat herritan ditu kideak: Andoainen, Villabonan, Lasarten, Zestoan eta Azkoitian. Produktu ekologikoak ekoizten ditu, egun ezohikoa den bidea erabilita. Eskutik eskura egiten dute banaketa bitartekorik gabe.
Aldaketa handiak pixkanaka lortzen direla erakusten ari da Uztaro Kooperatiba. Orain dela hiru urte sortu zutenetik, nekazaritza modu berria, produktu ekologikoak, lankidetza eta kooperazioa sustatzea du helburua.
Uztaro Barazki Kooperatiba ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatiba da. «Guk geuk erabakitzen dugu zer landatu eta gu gara prozesu guztia aurrera eramaten dugunak: landaketa, baratzeko lana eta uztaren banaketa. Bestalde, kooperatibako erabaki guztiak, denon artean hartzen ditugu".

2008/07/07

Eneagrama

Joan den maiatzaren 16an,17an eta 18an Eneagrama lantzen aritu ginen Zilegi Eskolan asteburu osoan.
Zer da ba Eneagrama?
Eneagramak, ekialdeko mistikaren eta mendebaldeko sikologiaren elementuak konbinatuz, bederatzi nortasun tipo ezberdin bereizten ditu: nortasun tipo bakoitzari eneatipo deitzen zaio.
Ekialde hurbilean sortu zen eneagrama.
Egun, pertsonon nortasunari buruzko ikerketan eta ezagutza sikologiko modernoetan ezaguna da.
Nork bere burua hobeto ezagutzeko eta jendartean elkar ezagutzeko ere oso baliagarria da.