2008/12/02


AEK-ko kideak Herri Musikaren Txokoan izan ziren

Azaroaren 16an, Hernaniko eta Astigarragako AEK-ko ikasle eta irakasle koadrila Oiartzunera joan ginen, Herri Musikaren Txokora hain zuzen. Juan Mari Beltranek zuzentzen duen museoan izan ginen bisitan, eta Beltranek berak erakutsi zigun museoa eta bertako ondarea. Hala, mundu guztiko hainbat musika instrumentu ezagutu, musikaren inguruko hainbat kontu entzun, eta Juan Mari Beltranen pasioa eta ezagutza zabala jaso genuen.

Ondoren, Arritxulo aterpetxean bazkaldu genuen goxo-goxo. Bazkalostean, goizean ikusitako hainbat musika instrumentu egiteko aukera ere izan zen; irudimenari eragin eta egunero erabiltzen diren materialekin musika tresna errezak egin genituen. Kantuan ere aritu ginen.

Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, egunpasa polita egin genuen. Ikasleak, elkar ezagutzeaz gain, euskeraz aritu ziren jo eta su, baita ederki pasa ere.
Gorputzeko minak arintzeko trikimailuak ikasiko ditugu

Euskaltegian hasi gara Zilegi Eskolekin. Bertan, gustuko gaien inguruan euskaraz aritzeko aukera izaten dugu bai ikasleek, bai interesa duten herritarrek ere.
Gaurkoan Gorputzeko Minak Arintzeko Trikimailuen berri izango dugu, Amaia Aierzaren eskutik.
Gorputzeko minak arintzeko trukoak: postura egokiak, luzaketak, masajeak...
Hernanin: Abenduaren 2an, AEKn, 09:00etatik 11:00etara.
Astigarragan: Abenduaren 10ean, Astigarragako Kultur Etxean, 09:30etatik 11:00etara.
Informazio gehiago:
943 557 879 telefonoan edota honako helbide elektronikora idatzi: zilegieskola@aek.org.

2008/08/04

Hernaniko hiri debekatuaren mapa


Udaberrian, Hernaniko hiri debekatuaren mapa egin genuen Zilegi Eskolaren eskutik.

Kale, plaza, eta parkeen erabileraren inguruko datuak eta bertan izaten ditugun bizipenen ingurukoak jaso genituen. Bereziki emakumezkoen ikuspuntutik, baita beste hainbat herritarren ikuspuntutik ere: edadetuak, haurrak, mendekotasuna dutenak, zaintzaileak, gazteak, mugikortasun edo zailtasun sentsorialak dituztenak. Nor ez dago talde hauetakoren batean, edo nork ez du inguruan talde hauetakoren batean dagoenen bat?

Herria guztien begiekin begiratzen aritu ginen.

Bi lan ardatz izan genituen kontuan:

-Herriko ekipamenduaren eta mugikortasunaren azterketa.

-Kalean lasai ibili ahal izateko nahikoa segurtasun izatea.
Beraz, norberari egokiak iruditu zitzaizkion proposamenak landu ahal izan zituen.
Norbaitek kontuan hartuko ahal ditu!

2008/07/28

Sexualitatea

Sexualitate tailerrean parte hartu dugunok, Hirusta kolektiboari eskerrak eman nahi dizkiogu:
- Oso gustura egon gara azalpenak ulergarriak eta oso argiak izan direlako..
- Denbora oso azkar pasa zaigu.
- Lotsa kentzeko, egunero jolas batekin hasi dugu saioa eta gero sexualitatearen barruan gai desberdinei buruz hitz egin dugu. Kotte oso goxoa da eta berarekin hitz egitea oso erraza da.
- Haurrei sexualitateari buruz hitz egiteko guk dugun ikuspegi aztertu behar dugu eta honen arrazoia.
Elizaren eragina, bekatua, emakume eta gizonari egotzi izan zaizkion rolak, estereotipoak, aurreiritziak,... Gauzak pixkanaka aldatzen ari dira baina oso mantso. Erlijioaren eraginez oraindik sexualitatea tabu moduan bizi dugu eta gaiari buruz serio hitz egiteak lotsa ematen digu. Hau guztia (egiten duguna eta esaten duguna) zuzenean eta zeharka gure seme – alabei transmititzen diegu.
Bestalde, sexu harremanetan erabil daitezkeen jostailuak ere ezagutu ditugu..
Gure kezkak azaldu ditugu: haurrekin nola hitz egin, gaztetxoekin gaia nola atera,... baina ez dago formula magikorik! Baina norberaren nahia eta borondatea da garrantzitsuena!

- Gaiari buruzko zalantzarik izanez gero.... gurekin, Zilegi Eskolarekin, harremanetan jarri besterik ez duzu, edota Hirusta kolektiboarekin.

2008/07/14

Kontsumo arduratsua

Joan den hilabetean, ekainean, Uztaro Kooperatibako kide batek euren proiektuaren berri azaldu zigun, eta bertan parte hartzeko gonbidapena ere jaso genuen.
Zer da Uztaro kooperatiba?
Egungo ekoizpen sistema globalizatuaren alternatiba moduan jaio zen Uztaro Barazki Kooperatiba eta Gipuzkoako hainbat herritan ditu kideak: Andoainen, Villabonan, Lasarten, Zestoan eta Azkoitian. Produktu ekologikoak ekoizten ditu, egun ezohikoa den bidea erabilita. Eskutik eskura egiten dute banaketa bitartekorik gabe.
Aldaketa handiak pixkanaka lortzen direla erakusten ari da Uztaro Kooperatiba. Orain dela hiru urte sortu zutenetik, nekazaritza modu berria, produktu ekologikoak, lankidetza eta kooperazioa sustatzea du helburua.
Uztaro Barazki Kooperatiba ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatiba da. «Guk geuk erabakitzen dugu zer landatu eta gu gara prozesu guztia aurrera eramaten dugunak: landaketa, baratzeko lana eta uztaren banaketa. Bestalde, kooperatibako erabaki guztiak, denon artean hartzen ditugu".

2008/07/07

Eneagrama

Joan den maiatzaren 16an,17an eta 18an Eneagrama lantzen aritu ginen Zilegi Eskolan asteburu osoan.
Zer da ba Eneagrama?
Eneagramak, ekialdeko mistikaren eta mendebaldeko sikologiaren elementuak konbinatuz, bederatzi nortasun tipo ezberdin bereizten ditu: nortasun tipo bakoitzari eneatipo deitzen zaio.
Ekialde hurbilean sortu zen eneagrama.
Egun, pertsonon nortasunari buruzko ikerketan eta ezagutza sikologiko modernoetan ezaguna da.
Nork bere burua hobeto ezagutzeko eta jendartean elkar ezagutzeko ere oso baliagarria da.

2008/05/30

Jolastuz ikasi, ikasiz jolastu

Jolastea eta ikastea bateraezinak direlakoan?
Zatoz Astigarragara ekainaren 3an, eta guk eskolan sekulan ere imajinatuko ez genukeena ikusi, ikasi eta jolastuko dugu.
J. Barandiaran plazan , 19:00etatik 21:00etara izango dugu aukera.
Saio hau Astigarragako Kultur Astearen barruan antolatu dugu, beste hainbat ekitaldirekin batera.
Ondo pasatuz ere ikasi daitekeelako:
Jolastuz ikasi, Ikasiz jolastu.

2008/05/29

Goizeko Zeramika saioak hasiko dira datorren astean


Astelehenean, ekainaren 2an, Zilegi Eskolak antolatutako beste zeramika saio batzuk hasiko dira. Saio hauek goizeko 9:00etatik 11:00ak arte izango dira ekainaren 2an, 4an, 10ean eta 17an.

Bertan, proposamen eta teknika jakin batzuen proposamena jaso eta nork bere kreatibitatea lantzeko eta agertzeko aukera izango dugu. Aurreko saioetako argazki hauek dituzue horren adibide.

2008/05/22

Sorgintasuna Euskal Herrian

Maiatzaren 8an hasi ziren Zilegi Eskolak Sorgintasunari buruz antolatutako saioak. Saio hauek maiatzaren 15ean izan zuten jarraipena, eta gaur ere (22an) gaiaren inguruan aritzeko aukera dugu. 29an izango da azken saioa.Beraz, aste honetan hirugarren saioa izango dugu. Nahi duena etor daiteke saio bakar batera ere.
Saio hauetan, Inkisizio garaian Euskal Herrian zein Europan bizi izan zen egoera aztertuko dugu. Inkisizioa ezartzeko zein nolako arrazoiak erabili zituzten, elizak eta estatuak zein nolako harremanak eta boterea zituzten...Azken batean, gure historiaren epealdi garrantzitsu bat hobeto ezagutzeko parada dugu.
Saioak eguerdiko 14:30etik 16:30era izango dira.

2008/05/14

Gozogintza saioak hasiko dira datorren astean


Maiatzak 19,21 eta 22an Gozogintza saioetan parte hartzeko aukera izango dugu Zilegi Eskolaren bidez.
Aurreko saioetan hainbat errezeta goxo eta gozo landu ditugu, baita ederki pasa ere!

2008/05/13

Zeramika saioak Zilegi Eskolan



Maiatzean ere zeramika egiten ari gara Zilegi Eskolan. Errapia taldearen tailerrean ari gara, aurreko hilean bezalaxe. Bertan 14:30etik 16:30era nor bere kratibitatea lantzen ari da. Zenbaitentzat sorpresa ere izan da eskuekin zer egiteko gai den ikustean. Eta hori dena euskaraz, jakina. Disfrutatu eta ikasi.
Argazkian apirileko saioetako bat ikus dezakegu. Sukaldean ari direlakoan? Ba ez, arte lanetan ari dira.

Barnetegia


Hernaniko eta Astigarragako AEK euskaltegiek barnetegia egin dute joan den asteburuan. Lesaka eta Bertiz parke naturala ezagutzeko aukera izan dute euria lagun eta giro ederrean. Larunbat gaua Arantzan eman zuten. Igandean berriz, Herri Urratsen izan ziren Senperen. Barnetegia aukera aparta izan da ikasleen arteko harremanak lantzeko euskaraz. Ikasleen artekoeetaz gain, familiarekin, haurrekin eta txakurrarekin ere harremanak euskalduntzeko pausu garrantzitsua da.

2008/05/08

Eneagrama saioa Santiagomendin

Zer da Eneagrama? Nork bere burua ezagutzeko , eta besteen jarrerak ulertzeko modu bat.
Asteburuan zehar, hainbat ariketa eta saioetan zehar, nork bere beldurrak, indarrak... ezagutzeko aukera izango du.
Saioak Astigarragako Santiagomendiko aterpetxean izango dira, larunbatean zehar eta igandean ere bai. Eneagrama saioak hainbat gorputz ariketekin tartekatuko dira: arnasketak...
Asteburu pasa maiatzaren 16an, 17an eta 18an izango da: saioak larunbatean eta igandean. Norberak nahi duenean har dezake parte.

Gozogintza ere landuko dugu maiatzean

2008/05/05

Sorgintasuna Euskal Herrian

Maiatzaren 8an hasiko dira Zilegi Eskolak Sorgintasunari buruz antolatutako saioak. Saio hauek maiatzaren 15ean, 22an eta 29an izango dute jarraipena.Bertan, Inkisizio garaian Euskal Herrian zein Europan bizi izan zen egoera aztertuko dugu. Inkisizioa ezartzeko zein nolako arrazoiak erabili zituzten, elizak eta estatuak zein nolako harremanak eta boterea zituzten...Azken batean, gure historiaren epealdi garrantzitsu bat hobeto ezagutzeko parada izango dugu.
Saioak eguerdiko 14:30etik 16:30era izango dira.

2008/04/30

Zeramika tailerra maiatzaren 7an hasiko da

Datorren astean, asteazkenean hain zuzen ere, Zeramika saioak hasiko dira Zilegi Eskolak antolatuta.
Lehenengo bi saioetan, teknika batzuk ikasi ondoren, norberak nahi duena egiteko aukera izango du. Orain arteko saioetan argi ikusi da kreatibitatea pertsonala eta berezia dela: proposamena bera izanda ere, pieza guztiak erabat ezberdinak izaten dira.
Hirugarren saioan esmalteei buruzko oinarrizko nozio batzuekin esmaltea egingo dugu, eta piezak margotu egingo ditugu.
Laugarren saioan (azkena), egindako piezak ikusiko ditugu eta egindakoa komentatuko dugu, nork bere sentsazioak azalduz.
Saio hauek guztiak maiatzaren 7an, 12an, 21ean eta 28an izango dira eguerdiko 2:30etik 4:30era.
Gogoratu datorren astean bertan, Sorgintasunari buruzko saioak ere hasiko direla. Saio hauek maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an izango dira, ordutegi berean.

Sendabelarrak ezagutzen eta erabiltzen ikasi dugu









Joan den apirilaren 16an eta 17an Sendabelarrak izeneko saioak izan genituen. Bertan, sendabelarrak bildu, identifikatu eta eurekin hainbat produktu onuragarri egin daitezkeela ikusi eta ikasi genuen.



Bi saio hauetan ezpainetarako balsamoa, eztularen aurkako piku xarabea eta aurpegirako krema egiten ikasi eta egin ere egin genituen.

2008/04/24

Apirileko saioak

Apirilean zehar ere beste hiru saio antolatu ditugu: Foruei eta Karlistadei buruz arituko dira goizez, sendabelarrak ezagutu eta erabiltzen ikasteko saioak izan dira eguerdian, eta zeramika egiten ari dira ilunabarretan.
Foruak eta Karlistadak saioak apirilaren 14an, 21ean eta 28an izango dira goizeko 9etatik 11etara.
Sendabelarrak izenekoak berriz, apirilaren 16an eta 17an izan dira. Bertan, hainbat sendabelar ezagutzeko aukera izan dute, eta hauekin ukenduak eta halakoak egin dituzte.
Zeramika saioak ere, apirilekoak, bukatzeko daude. Saio hauetan buztinezko objetuak egin eta margotzen ari gara.
Maiatzean beste saio batzuk izango ditugu: sorgintasuna, sexualitatea, zeramika, gozogintza eta eneagramak.

2008/03/13

Bost jarrera gorputzetik sentituta

ZILEGI ESKOLAK
Pello Jauregi (Gorputz lanean aditua)
«Gorputz ariketen bidez askatasuna bezalako sentsazioak bizitzea da helburua»


Zilegi Eskolak martxan dira dagoeneko. Ikastaro berriak izango dira gehienak; bada saiorik, berriz, iazko esperientzi ona kontuan hartuta, aditu berak emango duena, Pello Jauregirena kasu.
Pello Jauregik urteak eman ditu helduen euskalduntze lanean eta hainbat proiektu landu ere bai, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko. Azken urteotan, berriz, gorputz lanaren eremuan ari da buru-belarri. ´Sentitu` liburua argitaratu du gai honen inguruan; bertan esandakoak zilegi eskoletan landuko ditu.
-Zeri buruzko tailerra emango duzu oraingoan?
-PJ:Ikastaroaren izenak nahiko ondo adierazten du: bost jarrera gorputzetik sentituta. Funtsean gorputz ariketak dira; ariketa hauen bidez, zehazki honako bost jarrera esperimentatu nahi ditugu: lasaitasuna, dotorezia, askatasuna, kemena eta zabaltasuna; eta ondoren, eguneroko bizitzan esperientzia horiek nola eragiten diguten ikusi, izan ere, jarrera hauek, besteak beste, gure bizitzaren eta gure harremanen isla dira.
-Nolakoak izango dira saioak?
-PJ:Printzipioz gorputz ariketak egitea proposatuko dut; gazte izpiritu fresko-freskoa behar da saio hauetan parte hartzeko, sentsazio berrietan murgiltzeko prest izan. Eta koltxoneta besapean hartuta etorri behar da.
-Iaz ere aritu zinen zilegi eskoletan, hain zuzen ere, sei saio eman zenituen. Zein balorazio egingo zenuke?
-Beno, ni oso gustora joan nintzen. 12 lagun inguru bildu ziren. Hasieran izutu egin ziren, lurrean jarri behar zutela esan nienean, baina ariketen nondik norakoa ulertu zutenenan, lasaitu eta buru-belarri aritu ziren. Lurrean barrena ibiltzeko beldurrik gabe etorri behar da.
-Nola uztartu ikastaroan ikasitakoa eguneroko bizitzarekin?
-Ez dugu ahaztu behar gure eguneroko bizitzan harremanak direla klabea, jende arteko harremanak. Beraz, gure gorputzak aditzera ematen diguna ulertzeak gure eguneroko harremanak hobetzeko balio dezake. Era berean, ezagutza horrek gure portaera aldatzen lagun dezake.
-Lehengo urtean sei saio eman zenituen. Zenbat emango dituzu aurten?
Guztira 2 orduko 3 saio izango dira. Edukia, gutxi gorabehera iazko bera izango da, baina denbora arazoak direla eta, ikastaroa laburragoa izango da.
-Helduen euskalduntzean ere urte asko emateaz gain, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko proiektu asko landu dituzu. Zer iruditzen zaizu zilegi eskola proiektua?
-Ideia zoragarria da. Euskara eguneroko bizitzarekin lotu behar da; euskarari begiratu beharrean, eguneroko bizitzari begiratu. Euskara beti hor, baina eguneroko bizitzan naturaltasunez erabilita.

Hernaniko Kronika

Aerobic-a


Zilegi Eskolak
AMAIA SAAVEDRA- Aerobic irakaslea:
«Zilegi Eskoletan euskaraz hitz egiteko giro ona izaten da, ez du kalean adina lotsa ematen»
Izerditzeaz gain, euskaraz hitz egin eta praktikatzeko aukera izango dute, horixe baita Zilegi Eskolen helburua.

Amaia Saavedra Hernaniko Kiroldegiko aerobic irakasle berria da, guztira 15 urte daramazki aerobic ematen. Zilegi eskoletan ere bi ikasturte daramazki ikasleak mugiarazten. Horrez gain, aekko ikaslea ere bada eta klaseak euskaraz ematera animatu da
-Zer da zilegi eskoletan lantzen ari zarena?
-AS:Hasierako ariketak egiten ditugu, hasi berrientzat egokiak direnak, oinarrizkoak. Beroketak egiten ditugu, eta koreografiak osatu. Koreografiei pixkanaka-pixkanako ariketa bloke gehiago jartzen dizkiegu, gero eta gehiago konplikatuta. Lurreko ariketak ere egiten ditugu, gihar ezberdinak lantzeko, abduktoreak, abdominalak eta abar.
-Zein jende motak eman du izena zilegi eskoletako aerobic klaseetan, kirolzaleek ala hasi berriek?
-AS:Aurten badira bi ikasle lehenago aerobic egindakoak. Hala ere gehienek ez dute kirol askorik egin, euskal dantzak egin ditu baten batek, baina ez da gauza bera. Hori dela eta, agujetak izan dituzte. Esan daiteke klase hauekin ikasleek gorputzak martxan jarri dituztela.
-Euskaldunberria zara, nola moldatu zara klaseak euskaraz ematerako garaian?
-AS:Zortzi urte daramazkit euskaltegian, hala ere kalean euskaraz hitz egiteak lotsa ematen dit. Hala ere zilegi eskoletan ezbedina da, eskolen helburua euskaraz ikastea ere bada, eta giro horretan errazagoa da.
-Zer iritzi duzu zilegi eskoletaz?
-AS:Oso ondo iruditzen zait. gauza asko egin ditugu eskoletan, enkuadernazioa eta beste hainbat gauza. Gainera ez gara soilik klaseko jendea biltzen, jende mota ezberdina biltzen gara, eta esan bezala, euskaraz hitz egiteko giro ona izaten da. Ez da kalean bezala, kalean jendeak akatsak egiten dituzula esaten dizu.
-Bi klase besterik ez zaizkizu falta ikastaroa bukatzeko. Zer prestatu duzu?
-AS:Ikasleek eskatu didate orain arte landu dugun koreografia lantzen jarraitzeko, eta ariketa bloke gehiago eransteko. Ilusioa egiten die koreografia osatu eta nola hobetu duten ikusteak.
-Jendeari gomendatuko al zenioke aerobica egitea?
-AS:Kirola eta osasuna den guztiaren alde nago. Hala ere norberaren esku dago.

Hiri debekatua


Zilegi Eskolak
«Donostiako zenbait zonaldetan, Pariseko hirigintzaren eragina antzeman daiteke»
Donostiako arkitekturan barrena pasiatu eta modu praktiko eta atseginean ezagutzeko aukera izango da datorren larunbatean, Mikel Arrietaren eskutik. Hirian barrena pasiatu eta begiratu batean gauza asko jakin liteke, eraikin bakoitza noiz eraiki den eta hiriak izan duen eboluzioa, esate baterako.

Donostiako arkitektura bertatik bertara erakutsiko digu Mikel Arrietak, martxoaren 1ean izango den zilegi eskoletan. hirian barrena pasiatu eta nora begiratu jakinez gero gauza ugari jakin litezke, eraikinak zein garaitakoak diren, zein korronteren barruan kokatzen diren, eta hiriak berak izan duen eboluzioa. hau dena euskaraz, ulertzeko era errazean, eta goiz pasa polita egiteko moduan. plana goizeko 10:00etan atsegindegin zita egitea da eta handik donostira autobusean joateko. guztira 2 orduko paseoa izango da. izena emateko aek euskaltegira joan behar da edo bestela telefono zenbaki honetara deitu: 943 55 78 79.
Ibilaldia Boulebardean hasiko dute, Mikel Arrietak azaldu duenez, ´garai batean zegoen harresia aztertuko dugu, orain parking-a dagoen horretan aurki daitezke harresi honen aztarnak`. Boulebardeko kioskora joango dira gero, estilo modernistakoa Arrietak azaldu duenez. Udaletxean ere jarriko dute arreta, ´xix. mende bukaerako eraikina da udaletxea, ensantxearen garai berekoa ´ azaldu du. Nautikora ere joango dira, ´1930 hamarkadakoa, estilo razionalistaren ezaugarriak dituena`. Hirigintzari erreparatuta, donostiako ensantxea harresia bota ondoren eraiki zela azaldu du Mikel Arrietak, eta bertan oso nabaria omen da Pariseko hirigintzaren eragina, ´modu perpendikularrean eraikia baitago`.
Ibai ondoko eraikinak: Urumea itsasoratzen den inguruan, Donostian, aztertzeko moduko eraikin ugari aurki daitezke eta bertan barrena ere ibiliko dira. Moneoren kuboak aztertuko dituzte inguru horretan, arte garaikidearen eredu direnak. ´Arkitektoak eraikin horrekin zer adierazi nahi izan zuen aztertuko dugu`. Victoria Eugeniara eta Mª Cristina hotelera joango dira gero eta bertako ezaugarri eta detaileak aztertuko dituzte. Ibilbidea Prim kalean bukatuko dute, modernismoaren eraikin esanguratsuak bertan baitaude.
Zilegi eskolak: ez bakarrik euskaldunberrientzat . Zilegi Eskolak AEK-k antolatzen baditu ere, ez dira euskaldunberrientzat bakarrik, planteatzen diren gaien inguruan interesa duten edozein herritarrentzat irekiak dira.

2008/02/06

Zer da zilegi eskola?

Euskalduntze prozesua eta alfabetatzea modu naturalean lantzeko proposamena da zilegi-eskola. Norberaren interesetatik abiatu eta gustuko gauzak eginez euskara landu eta hobetzeko bideak eskaintzea da helburua.

Euskalduntzen ari direnei edota euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskaraz aritzeko aukera eskainiko dien gune herritarra da. Gune horretan gai emaile eta hartzaileak herritarrak izan daitezke, bakoitzak dakiena erakutsiz edo ikasi nahi duena jasoz. Hartu eta eman.

Asmo hau bideratzeko saio batzuk prestatu ditugu jada, bi, hiru edo lau egunekoak. Saio hauetan edozein herritarrek eman ahal izango du izena edo gairen bat lantzeko proposamena egin. Ikasturteko matrikula egin beharrik ez dagoenez, bi erako aukera du parte hartu nahi duenak: ikasturtean eskainiko diren saioetarako bonoa (20-40 ordu) erosiz edo saio bakoitzaren matrikula ordainduz (2-3-4 egun). Saioak bi ordukoak izango dira.

Gaiak modu dinamikoan landuko genituzke, parte-hartzaileak ez dira entzule soil izango: informazioa jaso, kontrastatu, eztabaidatu eta iritzia emango dute dinamizatzailearen gidaritzapean.

Gure nahia ikasturte osoko egitaraua eta egutegia zehaztuta eskaintzea litzateke, baina gai emaile batzuei hiru, lau, bost edo sei hilabete barruko datak zehaztea ezinezkoa zaie. Horregatik saioak zehaztu ahala hauen berri zehatza izango duzue.

Hartu eta eman dio egitasmoari jarri diogun leloak. Hauxe da guk nahi genukeena: edozein herritarrek berak dakiena besteei erakustea eta edozein herritarrek berak jaso, ikasi edo landu nahiko lukeena bertan topatzea. Eta hau dena elkarreraginean oinarrituz.

2008/02/04

EGINDAKO SAIOAK
05-06 IKASTURTEA

-Erlajazioa
-Intsusa ukendua (2)
-Neguko sukaldaritza bejetarianoa (3)
-EH 60. hamarkadan: herri baten berpiztea
-Zeramika (2)
-Udaberriko sukaldaritza bejetarianoa (3)
-Hizkera ez-sexista (2)
-Masajea (2)
-Herentzia kontuk (2)
-Jolastuz Isasi eta ikasiz jolastu (2)
-Koadernazioa (2)
-Sorgintasuna EH-n
-Sendabelarrak (2)
-Udako sukaldaritza bejetarianoa (3)
-Inpresionismoa

06-07 IKASTURTEA

-Guda zibila Hernanin (2/3)
-Harremanetarako oinarrizko gaitasunak
-Jolastuz ikasi eta ikasiz jolastu (2)
-Indarkeriarik gabeko defentsa pertsonala
-Izatezko bikote, inskribatu ala ezkondu (2)
-Filosofia
-Pertsonon aztarna planetaren osasen ekologikoan
-Sagardogintza
-Enkuadernazioa
-Nola zaindu gure landareak
-ZEN metodología buruan
-Sendabelarrak
-Dantza garaikidea
-Herri kirolak
-Estetika aholkuak
-Belaritakoak eginez
-Enologia saioa
-Aerobic-a
-Sukaldaritza
-Larrua landuz