2008/03/13

Bost jarrera gorputzetik sentituta

ZILEGI ESKOLAK
Pello Jauregi (Gorputz lanean aditua)
«Gorputz ariketen bidez askatasuna bezalako sentsazioak bizitzea da helburua»


Zilegi Eskolak martxan dira dagoeneko. Ikastaro berriak izango dira gehienak; bada saiorik, berriz, iazko esperientzi ona kontuan hartuta, aditu berak emango duena, Pello Jauregirena kasu.
Pello Jauregik urteak eman ditu helduen euskalduntze lanean eta hainbat proiektu landu ere bai, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko. Azken urteotan, berriz, gorputz lanaren eremuan ari da buru-belarri. ´Sentitu` liburua argitaratu du gai honen inguruan; bertan esandakoak zilegi eskoletan landuko ditu.
-Zeri buruzko tailerra emango duzu oraingoan?
-PJ:Ikastaroaren izenak nahiko ondo adierazten du: bost jarrera gorputzetik sentituta. Funtsean gorputz ariketak dira; ariketa hauen bidez, zehazki honako bost jarrera esperimentatu nahi ditugu: lasaitasuna, dotorezia, askatasuna, kemena eta zabaltasuna; eta ondoren, eguneroko bizitzan esperientzia horiek nola eragiten diguten ikusi, izan ere, jarrera hauek, besteak beste, gure bizitzaren eta gure harremanen isla dira.
-Nolakoak izango dira saioak?
-PJ:Printzipioz gorputz ariketak egitea proposatuko dut; gazte izpiritu fresko-freskoa behar da saio hauetan parte hartzeko, sentsazio berrietan murgiltzeko prest izan. Eta koltxoneta besapean hartuta etorri behar da.
-Iaz ere aritu zinen zilegi eskoletan, hain zuzen ere, sei saio eman zenituen. Zein balorazio egingo zenuke?
-Beno, ni oso gustora joan nintzen. 12 lagun inguru bildu ziren. Hasieran izutu egin ziren, lurrean jarri behar zutela esan nienean, baina ariketen nondik norakoa ulertu zutenenan, lasaitu eta buru-belarri aritu ziren. Lurrean barrena ibiltzeko beldurrik gabe etorri behar da.
-Nola uztartu ikastaroan ikasitakoa eguneroko bizitzarekin?
-Ez dugu ahaztu behar gure eguneroko bizitzan harremanak direla klabea, jende arteko harremanak. Beraz, gure gorputzak aditzera ematen diguna ulertzeak gure eguneroko harremanak hobetzeko balio dezake. Era berean, ezagutza horrek gure portaera aldatzen lagun dezake.
-Lehengo urtean sei saio eman zenituen. Zenbat emango dituzu aurten?
Guztira 2 orduko 3 saio izango dira. Edukia, gutxi gorabehera iazko bera izango da, baina denbora arazoak direla eta, ikastaroa laburragoa izango da.
-Helduen euskalduntzean ere urte asko emateaz gain, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko proiektu asko landu dituzu. Zer iruditzen zaizu zilegi eskola proiektua?
-Ideia zoragarria da. Euskara eguneroko bizitzarekin lotu behar da; euskarari begiratu beharrean, eguneroko bizitzari begiratu. Euskara beti hor, baina eguneroko bizitzan naturaltasunez erabilita.

Hernaniko Kronika

No comments: