2008/04/30

Zeramika tailerra maiatzaren 7an hasiko da

Datorren astean, asteazkenean hain zuzen ere, Zeramika saioak hasiko dira Zilegi Eskolak antolatuta.
Lehenengo bi saioetan, teknika batzuk ikasi ondoren, norberak nahi duena egiteko aukera izango du. Orain arteko saioetan argi ikusi da kreatibitatea pertsonala eta berezia dela: proposamena bera izanda ere, pieza guztiak erabat ezberdinak izaten dira.
Hirugarren saioan esmalteei buruzko oinarrizko nozio batzuekin esmaltea egingo dugu, eta piezak margotu egingo ditugu.
Laugarren saioan (azkena), egindako piezak ikusiko ditugu eta egindakoa komentatuko dugu, nork bere sentsazioak azalduz.
Saio hauek guztiak maiatzaren 7an, 12an, 21ean eta 28an izango dira eguerdiko 2:30etik 4:30era.
Gogoratu datorren astean bertan, Sorgintasunari buruzko saioak ere hasiko direla. Saio hauek maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an izango dira, ordutegi berean.

Sendabelarrak ezagutzen eta erabiltzen ikasi dugu









Joan den apirilaren 16an eta 17an Sendabelarrak izeneko saioak izan genituen. Bertan, sendabelarrak bildu, identifikatu eta eurekin hainbat produktu onuragarri egin daitezkeela ikusi eta ikasi genuen.



Bi saio hauetan ezpainetarako balsamoa, eztularen aurkako piku xarabea eta aurpegirako krema egiten ikasi eta egin ere egin genituen.

2008/04/24

Apirileko saioak

Apirilean zehar ere beste hiru saio antolatu ditugu: Foruei eta Karlistadei buruz arituko dira goizez, sendabelarrak ezagutu eta erabiltzen ikasteko saioak izan dira eguerdian, eta zeramika egiten ari dira ilunabarretan.
Foruak eta Karlistadak saioak apirilaren 14an, 21ean eta 28an izango dira goizeko 9etatik 11etara.
Sendabelarrak izenekoak berriz, apirilaren 16an eta 17an izan dira. Bertan, hainbat sendabelar ezagutzeko aukera izan dute, eta hauekin ukenduak eta halakoak egin dituzte.
Zeramika saioak ere, apirilekoak, bukatzeko daude. Saio hauetan buztinezko objetuak egin eta margotzen ari gara.
Maiatzean beste saio batzuk izango ditugu: sorgintasuna, sexualitatea, zeramika, gozogintza eta eneagramak.

2008/03/13

Bost jarrera gorputzetik sentituta

ZILEGI ESKOLAK
Pello Jauregi (Gorputz lanean aditua)
«Gorputz ariketen bidez askatasuna bezalako sentsazioak bizitzea da helburua»


Zilegi Eskolak martxan dira dagoeneko. Ikastaro berriak izango dira gehienak; bada saiorik, berriz, iazko esperientzi ona kontuan hartuta, aditu berak emango duena, Pello Jauregirena kasu.
Pello Jauregik urteak eman ditu helduen euskalduntze lanean eta hainbat proiektu landu ere bai, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko. Azken urteotan, berriz, gorputz lanaren eremuan ari da buru-belarri. ´Sentitu` liburua argitaratu du gai honen inguruan; bertan esandakoak zilegi eskoletan landuko ditu.
-Zeri buruzko tailerra emango duzu oraingoan?
-PJ:Ikastaroaren izenak nahiko ondo adierazten du: bost jarrera gorputzetik sentituta. Funtsean gorputz ariketak dira; ariketa hauen bidez, zehazki honako bost jarrera esperimentatu nahi ditugu: lasaitasuna, dotorezia, askatasuna, kemena eta zabaltasuna; eta ondoren, eguneroko bizitzan esperientzia horiek nola eragiten diguten ikusi, izan ere, jarrera hauek, besteak beste, gure bizitzaren eta gure harremanen isla dira.
-Nolakoak izango dira saioak?
-PJ:Printzipioz gorputz ariketak egitea proposatuko dut; gazte izpiritu fresko-freskoa behar da saio hauetan parte hartzeko, sentsazio berrietan murgiltzeko prest izan. Eta koltxoneta besapean hartuta etorri behar da.
-Iaz ere aritu zinen zilegi eskoletan, hain zuzen ere, sei saio eman zenituen. Zein balorazio egingo zenuke?
-Beno, ni oso gustora joan nintzen. 12 lagun inguru bildu ziren. Hasieran izutu egin ziren, lurrean jarri behar zutela esan nienean, baina ariketen nondik norakoa ulertu zutenenan, lasaitu eta buru-belarri aritu ziren. Lurrean barrena ibiltzeko beldurrik gabe etorri behar da.
-Nola uztartu ikastaroan ikasitakoa eguneroko bizitzarekin?
-Ez dugu ahaztu behar gure eguneroko bizitzan harremanak direla klabea, jende arteko harremanak. Beraz, gure gorputzak aditzera ematen diguna ulertzeak gure eguneroko harremanak hobetzeko balio dezake. Era berean, ezagutza horrek gure portaera aldatzen lagun dezake.
-Lehengo urtean sei saio eman zenituen. Zenbat emango dituzu aurten?
Guztira 2 orduko 3 saio izango dira. Edukia, gutxi gorabehera iazko bera izango da, baina denbora arazoak direla eta, ikastaroa laburragoa izango da.
-Helduen euskalduntzean ere urte asko emateaz gain, eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko proiektu asko landu dituzu. Zer iruditzen zaizu zilegi eskola proiektua?
-Ideia zoragarria da. Euskara eguneroko bizitzarekin lotu behar da; euskarari begiratu beharrean, eguneroko bizitzari begiratu. Euskara beti hor, baina eguneroko bizitzan naturaltasunez erabilita.

Hernaniko Kronika

Aerobic-a


Zilegi Eskolak
AMAIA SAAVEDRA- Aerobic irakaslea:
«Zilegi Eskoletan euskaraz hitz egiteko giro ona izaten da, ez du kalean adina lotsa ematen»
Izerditzeaz gain, euskaraz hitz egin eta praktikatzeko aukera izango dute, horixe baita Zilegi Eskolen helburua.

Amaia Saavedra Hernaniko Kiroldegiko aerobic irakasle berria da, guztira 15 urte daramazki aerobic ematen. Zilegi eskoletan ere bi ikasturte daramazki ikasleak mugiarazten. Horrez gain, aekko ikaslea ere bada eta klaseak euskaraz ematera animatu da
-Zer da zilegi eskoletan lantzen ari zarena?
-AS:Hasierako ariketak egiten ditugu, hasi berrientzat egokiak direnak, oinarrizkoak. Beroketak egiten ditugu, eta koreografiak osatu. Koreografiei pixkanaka-pixkanako ariketa bloke gehiago jartzen dizkiegu, gero eta gehiago konplikatuta. Lurreko ariketak ere egiten ditugu, gihar ezberdinak lantzeko, abduktoreak, abdominalak eta abar.
-Zein jende motak eman du izena zilegi eskoletako aerobic klaseetan, kirolzaleek ala hasi berriek?
-AS:Aurten badira bi ikasle lehenago aerobic egindakoak. Hala ere gehienek ez dute kirol askorik egin, euskal dantzak egin ditu baten batek, baina ez da gauza bera. Hori dela eta, agujetak izan dituzte. Esan daiteke klase hauekin ikasleek gorputzak martxan jarri dituztela.
-Euskaldunberria zara, nola moldatu zara klaseak euskaraz ematerako garaian?
-AS:Zortzi urte daramazkit euskaltegian, hala ere kalean euskaraz hitz egiteak lotsa ematen dit. Hala ere zilegi eskoletan ezbedina da, eskolen helburua euskaraz ikastea ere bada, eta giro horretan errazagoa da.
-Zer iritzi duzu zilegi eskoletaz?
-AS:Oso ondo iruditzen zait. gauza asko egin ditugu eskoletan, enkuadernazioa eta beste hainbat gauza. Gainera ez gara soilik klaseko jendea biltzen, jende mota ezberdina biltzen gara, eta esan bezala, euskaraz hitz egiteko giro ona izaten da. Ez da kalean bezala, kalean jendeak akatsak egiten dituzula esaten dizu.
-Bi klase besterik ez zaizkizu falta ikastaroa bukatzeko. Zer prestatu duzu?
-AS:Ikasleek eskatu didate orain arte landu dugun koreografia lantzen jarraitzeko, eta ariketa bloke gehiago eransteko. Ilusioa egiten die koreografia osatu eta nola hobetu duten ikusteak.
-Jendeari gomendatuko al zenioke aerobica egitea?
-AS:Kirola eta osasuna den guztiaren alde nago. Hala ere norberaren esku dago.