2021/12/02

Gozogintza ikastaroa Astigarragan

 

Gozozalea al zara? Astigarragan gozogintza ikastaroa dugu!

Abenduaren 9an, 09:30etik 11:30era Zipotza elkartean izango gara eta Gabonetako errezetak egiten ikasiko dugu. Animatuko al zara?




Sormen-laborategia, oraingoan Urnietan

 


Perretxiko bila joan nahi?

Biteri kultur-etxea jendez lepo bete zen Igor Garmendia astigartarra entzuteko.
Perretxikotan joateko kontuan hartu behar diren aholku eta gomendioak eman zituen. Askotariko perretxiko eta onddoak ikusteko aukera izan genuen, eta bila joateko zein osagarri eraman behar diren ikasi genuen.
Saioa benetan interesgarria izan zen eta oso parte hartzailea.
Eskerrik asko, Igor!









2021/11/23

Sormena lantzen, eta sentimenduei leku egiten Hernanin

 

Saio berezia izan dugu Hernanin: Sormen laborategia.

Emozioek bultzatuta hitz eta irudiekin jolasean ibili gara. Haurtzarora jo dugu eta gure txikia topatu dugu. Garai horrek gogora eta azalera ekarri dizkigu hainbat emozio eta sormenerako tresna paregabea izan dugu.

Arteterapia mundu zoragarria da; buruak eta gorputzak bat egitea lortzen du. Emaitza? ez dizugu kontatuko. Abenduren 1ean Astigarragan esperimentatzeko parada izango duzu-eta. Zatoz 18:30etik 20:30era eta jolastu, esperimentatu, sentitu!

 



 

2021/11/17

Ikasturtea estreinatu dugu Urnietan!

 Jon Lizarragaren eskutik Zilegi Eskolak hasiera eman zion ikasturteari Urnietan. Argindarraren afera puri-purian dabil gure egunerokotasunean eta etxean aurrezteko trikimailuak erakutsi zizkigun Lizarragak. Kontratatua dugun potentziaren gainean ere aritu ginen, izan ere, maiz ez dugu jakiten zein den guretzako kontsumorik egokiena. 

Bestalde, hainbatek zalantza izan ohi dute fakturaren irakurketan eta pausoz pauso ikusi genuen faktura batek zein ezaugarri dituen eta nola irakurri behar den.

Oso saio interesgarria; eskerrik asko, Joni eta hurbildu zineten guztioi! 




2021/11/05

Zilegi Eskola bueltan da!

 

Datorren astean Urnietan emango diogu hasiera Zilegi Eskolari!

Jon Lizarraga etxean kontsumitzen dugun energiaren gainean arituko da eta aurrezteko hainbat aholku eta gomendio emango dizkigu.

Ba al dakizu zure faktura irakurtzen? zein potentzia duzun eta dagokizuna den? Galdera hauek guztiak argitzen saiatuko da LIzarralde.

Gurean parte hartu nahi baduzu, izena eman besterik ez duzu!



2021/06/29

Eskerrik asko!

 

Zilegi Eskolak ateak itxi dizkio 2020-2021 ikasturteari. 14 saio eskaini ditugu eta 328 lagunek hartu dute parte. Askotariko saioak izan dira eta euskara-maila guztietara egokitutakoak: besteak beste, Hernaniko emakumeen indarra islatu dugu Nagore Legarretaren argazkien bidez, zizka-mizka beroak egiten ikasi dugu sukaldaritza ikastaroan, fakturan eta energian nola aurreztu dezakegun ikusi dugu, jendaurrean hitz egiteko teknikak eskuratu ditugu, Hong-Kongetik Asiara bizikletaz joan gara, Arremanitz lantaldeak pandemia garaian hobeto sentitzeko aholkuak eman dizkigu, erraustegiak ingurumenean duen eragina ikusi dugu, bertsoekin jolasean aritu gara...


Datorren ikasturtean elkarrekin eta euskaraz aritzeko saio gehiago ekarriko ditugu, eta nola ez, zuen parte hartzea ezinbestekoa izango da gai-emaile nahiz entzule izan. Eskerrik asko eta hurren arte!


2021/06/10

Zilegi Eskola Instagramen eta Facebooken da, jarrai gaitzazu!

 

Zilegi Eskola sare sozialetan dago:

Instagram: @zilegi_eskola 

Facebook: Zilegi Eskola 

 


 



Jendaurrean hitz egiteko teknikak Hernanin

 Paki Caballero aktorea da, eta eskarmentu handia du gorputz-mugimenduan, hori dela eta, Hernanira gonbidatu genuen jendaurrean nola aritu behar dugun irakastera. Oso baliagarria izan zen saioa! Bejondeizula, Paki!





 

Sormen-laborategia: marrazki eta hitzekin jolasean

 

 Zilegi Eskola Urnietara iritsi berri da eta dagoeneko 2. saioa eskaini dugu. Atzo, Maddi Goikoetxea aktorearen eskutik arteterapiaren mundua ezagutzeko aukera izan genuen. Marrazki eta hitzen bidezko poesia sortu genuen eta barne-esperimentazioa egiteko aukera eskaini zigun donostiarrak. Giro ederra sortu zen, eskerrik asko, Maddi!


 

Argindarraren tarifa berriak ulertzen

 

Jon Lizarraga elektrikariak etxeko argindarraren faktura berriak ulertzeko azalpenak eman zizkigun eta aurrezteko egin ditzakegun gauza txikien zerrenda egin zuen. Hainbat saio eskaini zituen Hernanin, baita Astigarragan ere. Ederki egon ginen! Eskerrik asko bertaratutako guztiei!

2021/05/25

Nola aurreztu energian Hernanin

 Jon Lizarragak argindarraren fakturak irakurtzen irakatsiko digu, kontratatua dugun potentziaz arituko da eta etxean zein bonbilla komeni zaizkigun esango digu.

Datorren astelehenean Biteri kultur-etxean, adi, 3 ordutegi dituzu-eta aukeran!



Zilegi Eskola Urnietan da!

 Zilegi Eskola egitasmoak 15 urte baino gehiago darama Hernanin eta Astigarragan. Gune herritarra da eta gustuko gauzak eginez euskaraz aritzeko lekua da. Aurten Urnietan ere egon nahi dugu, beraz, urnietar guztiok gonbidatuta zaudete! Ekainaren 9an saio bat izango dugu AEK euskaltegiko beheko lokalean. Ondo pasatzeko aukera ezin hobea!



2021/05/13

Txiribuelta: Asiatik Gipuzkoara

 

2019ko irailean, Asier Arroita ortuellarrak Hong-Kongera joatea erabaki zuen. Bere erronka: bizikletaz etxera bueltatzea.

Zazpi hilabeteko abenturak eta desbenturak pasa zituen 2020ko mundu-pandemiak Indian harrapatu zuen arte. Etxera bueltatu behar izan zuen, eta aste honetan Hernanin eta Astigarragan izan da bere abentura kontatzen.

Bejondeizula, Asier eta eskerrik asko!







2021/05/04

Hong-Kongetik etxera bizikletan!!

 

Maiatzaren 10ean Hernanin eta Astigarragan!

 



 

GuraSOS: klima-aldaketa errealitatea da; zein etorkizun izango dute gure ondorengoek?

 

Joseba eta Joxemari GuraSOS elkarteko kideak dira, usurbildarrak biak. Erraustegiaren proiektua abian jarri zenean, kezka handia sortu zitzaien: arrisku-eremuan sartuko al gara? zeintzuk dira erraustegiaren ondorioak? kezka horien ondorioz, GuraSOS elkartea sortu zuten.

Gure artean izan ziren Hernanin eta birziklapenari, osasun arazoei eta klima aldaketari buruz aritu ziren.





2021/04/18

Eskulan tailerra egingo dugu asteartean Astigarragan!

Asteartean, apirilak 20, eskulan tailerra egingo dugu Astigarragako AEKn. Buztinezko eskulanak egingo ditugu.



2021/04/14

Erraustegiak gure osasunean eta bizimoduan izan ditzakeen ondorioei buruzko hitzaldia emango du GuraSOS elkarteak

Zubietako erraustegiak gure osasunean eta bizimoduan sor ditzakeen ondorioei buruzko hitzaldia emango du GuraSOS elkarteak astelehenean, hilak 19, Biterin.




2021/03/05

Martxoaren 9an eta 16an buztin tailerra egingo dugu Hernaniko Biteri kultur etxean!


Martxoaren 16an xaboi tailerra egingo dugu Urnietako euskaltegian!

Martxoaren 16an, asteartea, xaboi tailerra egingo dugu Urnietako AEK euskaltegian. Bi ordu inguruko saioa izango da, 18:00etan hasita, eta xaboiak nola egin ikasiko dugu, Bene Rodriguez euskaltegiko ikaslearen eskutik. Zatoz!



2021/02/17

HOBETO SENTITZEKO PROPOSAMENAK

Pandemia garaian hobeto sentitzeko proposamen eta aholkuak eman zituen Arremanitz taldeak. Nork bere beharrak identifikatu eta ezagutzeko tresnak eman zizkigun Maialenek!