2016/12/21

KOBREZ EGINDAKO ESKUMUTURREKO TAILERRAK

Nora Ruiz Zeberio bisitan izan dugu Hernanin eta Astigarragan.
Bitxigilea da Ruiz Zeberio eta brontzea moldatzeko teknikak erakutsi zizkigun.
Brontzea berotu eta zimurrak eta hainbat forma eman genizkion, hoztutakoan mailuarekin eskumuturreko forma har zezan eman genion eta azkenik, barniza erabili genuen azken ukitua emateko.

Eskumuturreko ederrak eraman genituen! A zer artistak!





2016/11/24

Zeinu-hizkuntza Astigarraga eta Hernanin



Jugatx Agirre Zubizarretak zeinu-hizkuntza ikastaroa eskaini digu bai Astigarragan bai Hernanin.

Hasteko, alfabetoa ikusi genuen eta nork bere aurkezpena egin zuen ikasitakoarekin.
Asteko egunek eta hilabeteek zein zeinu zituzten erakutsi zigun eta bukatzeko, Euskaraz bizi nahi dut abestia zeinu-hizkuntzan "abestu" genuen!

Oso saio dinamikoa izan zen eta parte hartzailea! Mila esker guzti-guztioi eta datorren astean gehiago!

Hernaniko Biteri kultur etxean

Astigarragako AEKn

2016/11/23

Bertsogintza


Azaroan zehar Bertsogintza saioak izan ditugu Hernanin eta Astigarragan.

Iker Goñi Salaberriak errima, oina eta puntua zer ziren azaldu zigun. Azalpentxo teorikoaren ondoren hainbat ariketa eta jolasen bidez errimak eta puntuak landu genituen eta bukaeran bertsoak sortu genituen. Ea gustukoak dituzuen!


AEKn ari gera
bilatzen jakintza
Ikerrek eman digu
jolasteko hitza
bertsoak egiteko
badaukagu giltza
bertsolari lanetan
primeran gabiltza

(Hernaniko AEK-ko C1 arratsaldeko taldea)



Hemen gaude hamaika
euskal hiztun peto
Ikeren laguntzakin
sormena lantzeko
oin eta errimekin
ondo pasatzeko
egualdi ona dago
bertsotan iteko

Hernaniko AEK-ko C1 eta B2 goizeko taldeak



2016/10/27

2016-2017 IKASTURTEA ABIAN DA!

2016-2017 ikasturteari hasiera emateko Zilegi Eskolak hainbat saio eskainiko ditu azaroan zehar.

Hona hemen hilabeteko ekintzak:  

BERTSOGINTZA: 
Bertsotan aritzeko saio praktikoa izango da. Zuk zeuk sortuko dituzu bertsoak Iker Goñi Salaberriaren laguntzarekin.
Saioan parte hartu nahi baduzu, hemen dituzu egunak eta orduak:

Astigarragan: 
Azaroaren 23an goizeko 09:30etik 11:30era. Nahiago baduzu arratsaldean, azaroaren 24an arratsaldeko 18:30etik 20:30era. Bi saio hauek Astigarragako kultur etxean izango dira.

Hernanin:
Azaroaren 14an eta 21ean goizeko 09:30etik 11:30era eta arratsaldean etorri nahi baduzu, azaroaren 16an izango da saioa arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Saio guztiak Hernaniko AEK euskaltegian izango dira. Dohainik.





ZEINU-HIZKUNTZA:
Hastapena. Esku alfabetoa eta lehen espresioak ezagutuko ditugu Jugatx Agirre Zubizarretaren eskutik.

Astigarragan:
Azaroaren 14an arratsaldeko 18:30etik 20:30era Astigarragako AEK euskaltegian. Dohainik


Hernanin:
Azaroaren 21ean eta 28an arratsaldeko 18:30etik 20:30era Biteri kultur etxean. Dohainik.



Informazio gehiago jaso nahi baduzu, edo izena emateko:
zilegieskola@aek.eus
663 04 33 14